XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) ondoren, baietza eman nion, ezkonduko ginela, eta zenbait esplikazio ere eman nion: nola proposizioak ustekabean harrapatu ninduen eta horregatik atzeratu nintzela erantzuna ematen, eta egunak aurrera joan ahala nire harridura are handiagoa egiten zitzaidala eta haurrek kezkatzen nindutela, beren adinerako zegokiena baino helduagoak zirela, gerrak eta goseak adimendua zorroztu zietelako.

Eskutik heldu zidan, berea dardarka zuen, eta esan zidan ezin nuela imajinatu ere egin nolako lorategia ipini berria nion bere baitan.

Eta lana egitera joan nintzen.

Eguzkiak zikindutako baldosen aurrean gelditu nintzen, balkoiaren ondoan.

Mertxikondotik itzal bat atera zen ihesi, txori bat zen.

Eta goiko galerietatik hauts hodei bat erori zen patiora.

Kristalezko kanpaien gelan armiarma-sare bat aurkitu nuen.

Kanpai batetik besteraino harilkatua.

Atera beheko zurezko partetik eta barakurkuiluaren puntatik pasatuz beste kanpaiaren behealderaino iristen zen.

Eta nire etxea izango zen hari guztiari begira gelditu nintzaion.

Eta eztarrian korapilo bat egin zitzaidan.

Ezen, baietz esan orduko ezetz esateko gogoak etorri baitzitzaizkidan.

Ez zitzaidan deus ere gustatzen: ez denda, ez sabel ilunaren antza zuen pasabidea, ez estoldatik arratoi ateratze kontu hura.

Eguerdian esan nien haurrei.

Ezkontzen nintzela zuzen-zuzen ez, baizik eta beste etxe batean biziko ginela, eta oso pertsona ona zen gizon bat beren eskolatzeaz arduratuko zela.

Ez batak ez besteak ez zuten hitzik esan, ondotxo ulertu zidatela uste dudan arren.

Ohituak zeuden isilik egotera eta goibel zituzten begiak.

Eta igande hartatik hiru hilabetera, goiz batean, goizean goiz, Antonirekin ezkondu nintzen eta harez gero Antoni-aita izan zen, eta nire semea Antoni-semea, harik eta Toni bakarrik deitzen hasi ginen arte.